(Joan edukira)


(Menu Nagusia)



Inico: Info Abadiño: Carta de Servicios: Protección de Datos: Protección de Datos

Datuak babesteko zerbitzuen gutuna

Posta Helbidea

San Trokaz Plaza, 1

Telefonoa:

94 621 55 30

Faxa:

94 621 55 37

 Posta elektronikoa:

info@abadiano.org

Web orrialdea:

www.abadiano.org

Pertsona fisikoen datu pertsonalen tratamendua bermatu eta babestea obligazio saihestezina da administrazio publiko ororentzat.

Konpromiso horrekin jabetuta, Abadiñoko Udalean, gurekin harremanak dituzten pertsona fisikoen datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko beharrezko diren neurri juridiko, tekniko eta antolaketako guztiak hartu ditugu datuon aldaketa, galtzea edo baimendu gabeko tratamendua edo irispidea eragozteko, horretarako beti ere kontuan izanda teknologiaren egoera, emandako datuen izaera eta dituzten arriskuak, bai giza ekintzatik, bai ingurune fisiko edo naturaletik etorriak.

EGINKIZUNA

Abadiñoko Udalak, herritarren zerbitzurako erakundea izaki, pertsona fisikoei buruz duen izaera pertsonaleko informazioaren konfidentzialtasuna bermatzeko beharrezko diren neurriak hartu ditu, baita fitxategiek, tratamendu zentroek, lokalek, ekipoek, sistemek, programek eta datu pertsonalen tratamenduan esku hartuko duten pertsonek eduki behar duten segurtasuna bermatzeko behar direnak ere, egokitzapen prozesu baten bidez, zeina izaera pertsonaleko informazioa gordetzeko erabiltzen ditugun paperezko dokumentazio, artxibo, eta kokaleku fisiko eta geografiko guztiei ere aplikatzen zaien. 

IKUSPEGIA

Abadiñoko Udalak administrazio publiko eraginkorra izan nahi du, eta engaiaturik egon pertsona fisikoen izaera pertsonaleko datuen babesean.

HERRITARREN PARTE-HARTZEA

Abadiñoko Udalak berariazko prozedura bat dauka, interesaturik dagoen orok norberari dagozkion eta gure fitxategietan dauden izaera pertsonaleko datuetara iristeko eta eurak zuzentzeko, deuseztatzeko edo aurka jartzeko eskubideak erabili ahal ditzan.

Datuetara iristeko eskubidea erabiliz, interesa duen orok gure fitxategietan egon daitezkeen berari buruzko datuak eta informazioa eskatu eta eskuratu ahal izango ditu.

  • Bere datuak tratatuak izan diren ala ez, baita kasu bakoitzean zertarako egin den hori ere. 
  • Euretan erabilitako logika eta berari dagokion Fitxategiaren Arduradunaren identitatea.
  • Dagozkion kategoria edo datuak.
  • Tratamendu hori hartu duten datuen jakinarazpena edo gerta zitekeen lagapena, baita nortzuk izan diren jasotzaileak ere.

Zuzentzeko eskubidea datu pertsonal desegokiak, gehiegizkoak, okerrak edo osagabeak dauzkan fitxategia zuzentzeko erabiltzen da.

Deuseztatzeko eskubidea fitxategian dauden datu pertsonalak kentzeko, deuseztatzeko edo ezabatzeko ekintza erabiltzean datza.

Aurka jartzeko eskubidea interesatuak fitxategiaren zertarakoaren helburu diren tratamenduen aurka jartzeko erabiltzen duena da.

Aurreko eskubideak erabiltzeko, interesatuak berariazko eskaera-eredu bat dauka eskuragarri, hala paperezko euskarrian, Informazio eta Erregistro bulegoetan, nola euskarri digitalean, udalaren web orrialdean. (www.abadiano.org).

Eskubideok erabiltzea eta dagokion informazioa eskuratzea guztiz doakoa da interesatuentzat.

Edonork agertu ahal izango du bere desadostasuna datuetara iristeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka jartzeko eskubidea erabiltzean jakinarazten zaizkion egintza edo ebazpenekin, arauetan aurreikusitako errekurtsoak jarriz.  

JENDEARI ARRETA

DEFINIZIOAK 

Izaera pertsonaleko datuak
Pertsona fisiko identifikatuei edo identifikagarriei buruzko edozein informazio.

Bereziki babesturiko datuak
Ideologiari, erlijioari, sinisteei, afiliazio sindikalari, arrazazko jatorriari, osasunari, bizitza sexualari edo lege-urrapen penal edo administratiboei buruzko datuak.

Fitxategia
Izaera pertsonaleko datuen zeinahi multzo eratu oro, edozein delarik ere bera sortzeko, gordetzeko, eratzeko eta bertara iristeko era edo modalitatea.

Datuen tratamendua

Izaera automatizatuko, edo ez, eragiketa eta prozedura teknikoak, honako hauek egiteko aukera ematen dutenak, alegia, datuak eta, era berean, jakinerazpenetatik, kontsultetatik, interkonexioetatik edo transferentzietatik sorturiko datu-lagapenak ere jaso, grabatu, gordeta eduki, landu, aldatu, blokeatu edo deuseztatu, laga edo kontsultatzeko eta horrelakoetarako. 

Banantze prozedura
Halatan egindako datu pertsonalen tratamendu oro, non eskuratzen den informazioa ezingo den lotu pertsona identifikatu edo identifikagarriarekin. 

Fitxategiaren edo tratamenduaren arduraduna

Zertarakoaz, edukiaz eta erabileraz edo tratamenduaz erabakitzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

Pertsona interesatua edo ukitua

Tratatuak izango diren datuen titularra den pertsona fisikoa.

Tratamenduaz enkargatzen den pertsona

Fitxategiaren edo tratamenduaren arduradunaren enkarguz datu pertsonalak tratatzen dituen pertsona fisikoa edo juridikoa. 

Interesatuaren adostasuna

Zalantzarik gabeko, berariazko eta informaturiko borondate askearen agerpena, zeinaren bidez interesatuak onartzen duen berari dagozkion datu pertsonalen tratamendua. 

Datuen lagapena edo jakinarazpena

Interesatua ez den beste pertsona bati egindako datuen ezagutarazte oro. 

Pertsona jasotzailea edo lagapena egiten zaiona

Datuak ezagutzera ematen zaizkion pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, edo organo administratiboa. Subjektu bereizi gisa trafikoan diharduten nortasun juridikorik gabeko erakundeen kasuan, eurotako osakidea edo osakideak joko dira hirugarrentzat. 

Informazio Sistemak

Izaera pertsonaleko datuak gorde eta tratatzeko erabilitako fitxategi automatizatuek, programek, euskarriek eta ekipoek osatzen duten multzoa.

Hirugarrena

Ez pertsona interesatua edo ukitua, ez Fitxategiaren barne Arduraduna, ez tratamenduaz enkargatzen dena, ez datuak –Fitxategiaren Arduradunaren edo tratamenduaz enkargatzen den pertsonaren aginpide zuzenaren pean– tratatzeko baimena duen pertsona ez den pertsona fisiko edo juridikoa, agintari publiko edo pribatua, edo organo administratiboa. Subjektu bereizi gisa trafikoan diharduten nortasun juridikorik gabeko erakundeen kasuan, eurotako osakidea edo osakideak joko dira hirugarrentzat.

Irispide publikoko iturriak

Arau mugatzaileren batek eragotzita ez daukan -edo, kasua denean, ordainen bat emanda besterik gabe– nornahik kontsulta ditzakeen fitxategiak. Irispide publikoko iturritzat hauexek soilik jotzen dira: promozio errolda, katalogo telefonikoak euren arau espezifikoetan aurreikusitako terminoetan eta honako datu hauek bakarrik, alegia, izena, titulua, ogibidea, jarduera, gradu akademikoa, helbidea eta zein taldetakoak diren dakartzaten profesionalen taldeetakoak diren pertsonen zerrendak Orobat, irispide publikoko iturri-izaera dute egunkari eta aldizkari ofizialak eta hedabideak.

Erabiltzailea

Datuetara edo baliabideetara iristeko baimena duen pertsona edo prozesua.

Baliabidea

Informazio sistema baten edozein osagai.

Irispide baimendua

Erabiltzaileari zenbait baliabide erabiltzeko emandako baimenak.

Identifikazioa

Erabiltzailearen identitatea ezagutzeko prozedura.

Kautotzea

Erabiltzaileen identitatea egiaztatzeko prozedura. 

Irispide kontrola

Jada kautoturiko identifikazioaren arabera datuetara eta baliabideetara iristea ahalbidetzen duen mekanismoa.

Pasahitza

Erabiltzailea kautotzeko erabiltzen den informazio konfidentziala.

Gorabehera

Datuen segurtasunean eragina duen edo izan dezakeen edozein anomalia

Blokeoa

Izaera pertsonaleko datuen identifikazioa eta erreserba, euren tratamendua eragozte aldera, tratamendua egiten dutenak administrazio publikoak, Epaileak eta Auzitegiak direnean salbu, tratamendutik sorturiko erantzukizun posibleei erantzuteko eta erantzukizunon preskripzio epe barruan soilik. 
 
Ezabatzea edo kentzea

Blokeaturiko izaera pertsonaleko datuen ezabapen fisikoa, behin datu horien tratamendutik sorturiko erantzukizun posibleen preskripzio epea amaitu ondoren. 

Euskarria

Informazio sistemetan trata daitekeen objektu fisikoa, zeinaren gainean datuak graba edo berreskura daitezkeen.
Segurtasun arduraduna

Aplikagarri diren segurtasun neurriak koordinatu eta kontrolatzeko eginkizuna duen/duten pertsona edo pertsonak.

Babes kopia

Fitxategi automatizatuetako datuen kopia eurok berrekuratzeko aukera emango duen euskarriren batean.

KONPROMISOAK

  1. Abadiñoko Udalean edo haren organismo autonomoetan dauden eta izaera pertsonaleko informazioa daukaten fitxategi automatizatuak identifikatu, dokumentatu eta Datuen Babeserako Euskal Agentziari deklaratu. 
  2. Abadiñoko Udalak emandako zerbitzuak gauzatzeko edo udaletxe barruan erabilitako izaera pertsonaleko datuen konfidentzialtasuna eta babesa bermatzea.
  3. Interesatuei jakinaraztea, behin formularioetan edo behin Abadiñoko Udalaren barne dokumentuetan erabilitako klausula legal informatiboen bidez, datuetara iristeko eta eurak zuzentzeko, deuseztatzeko edo aurka jartzeko eskubidea dutela, hurrenez hurren.
  4. Ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren 8. artikuluak, Segurtasun Neurrien Araudia –zeinaren bidez Abadiñoko Udaleko instalazio ezberdinetan dauden fitxategietara zuzenean edo zeharka sartzea ahalbidetzen duten baliabideak ezarri eta arautzen diren– onesten duenak aipatzen duen Segurtasun Dokumentua konplitu eta formalizatzea.
  5. Gure erakundeko Segurtasun Arduradunak Alkatea eta Informatika Departamentuko Arduraduna dira, eta Segurtasun Dokumentuaren edukia betetzea dute eginkizun, LOPDk galdatzen dituen segurtasun politikak zaintzeko.
  6. Prestaturiko sistema informatikoen bidez edo beste edozein bitarteko automatizaturen bidez, fitxategi ezberdinetan dauden izaera pertsonaleko datuetara irispidea duten guztiak beharturik daude Segurtasun Dokumentuan arauturikoa betetzera, eta, bete ezean, berengana ditzaketen ondorio legalei aurre egin beharrean gelditzen dira.
  7. Baimenduriko langileek bakarrik sartu ahal izango dira izaera pertsonaleko datuak dituzten fitxategietara eta langile horien zerrenda eguneraturik mantenduko da.
  8. Fitxategi bakoitzerako Fitxategi Arduradun bat izendatzea, zeinak ardura hartuko duen bere mendeko langileek beren zeregina ongi betetzeko ezagutu beharreko segurtasun arauak ezagut ditzaten.
  9. Datuetara eta informazio sistemara irispidea duten langileen obligazioak eta erantzukizunak horretarako prestaturiko dokumentu batean deskribatu dira, eta Abadiñoko Udalean lan egiten duten pertsona guztiek hartu dute dokumentu horren kopia bana.
  10. Abadiñoko Udalean lan egiten dutenek ezingo diete eman fitxategi automatizatuetan edo bestelakoetan dagoen informazioa bertan ez dihardutenei, salbu kontratuzko harremanen batek hori egiten lagatzen duenean edo tartean interesatuaren berariazko baimena dagoenean.
  11. Segurtasun arauak ezagut daitezen beharrezko diren neurriak eta aplikatu beharreko praktikak eratzea eta alditik aldira langileei zabaltzea. Jakinarazpen hori barne postaz burutuko da.
  12. Izaera pertsonaleko informazioa daukaten fitxategietarako sarbidea kontrolatzea, galdaturiko segurtasun betekizunak martxan jarriz eta irispiderako kontrolak eta filtroak ipiniz: sarera iristeko, dagokion aplikagailura iristeko, pasahitzen politika ezarriz, etab.
  13. Legeak galdatzen duen pribatutasun maila bermatzera bideraturiko neurri, arau, prozedura, erregela eta estandar ezberdinak eratzea, erakundean dauden eta Segurtasun Dokumentuan deskribatzen diren izaera pertsonaleko datuen arabera, informaziorako irispidea kontrolatzeko, haren erabilera murrizteko eta, azken batean, izaera pertsonaleko informazioaren behar bezalako zainketa bermatzeko, hala euskarri informatikoan nola bestelakoan.
  14. Informazio sistemak, fitxategi ezberdinak eta euren erabiltzaileak dauden lokalen babes berezia bermatzeko beharrezko diren segurtasun neurriak ezartzea, babesturiko datuen eskuragarritasuna eta konfidentzialtasuna uneoro segurtatzeko.
  15. Izaera pertsonaleko informazioa dagoen lokaletara sartzen fitxategi ezberdinetarako irispidea duen baimenduriko eta identifikaturiko langileei bakarrik lagatzea.
  16.  Baimenduriko eta Segurtasun Dokumentuan identifikaturiko pertsonek bakarrik izango dute irispidea lanpostuetara, baimenik gabeko pertsonek erabilitako informaziora heltzeko modurik izan ez dezaten. Segurtasun hori bermatzeko, hala pantailak nola inprimagailuak edo lanpostura konektaturiko beste edozein gailu informazioaren konfidentzialtasuna bermatuko duten lekuetan fisikoki kokatuta egongo dira, kasu bakoitzean, lekuaren edukiera eta erabilgarritasunaren arabera.
  17. Fitxategiko datuetara lanpostuetatik kanpoko baimenik gabeko sare edo sistemen bidez sartzea erabat debekaturik dago, Fitxategiaren Arduradunaren aldez aurretiko baimena dagonean izan ezik.
  18. Segurtasun Arduradunek leku seguruan gordeko dituzte sistema guztiko eta izaera pertsonaleko fitxategietako segurtasun kopiak, baimenik gabeko pertsonak euretara heldu ahal izatea galaraziz.
  19. Erabiltzaileen behar bezalako kudeaketa eta informazio sistemetarako irispideen behar bezalako kudeaketa bermatzea, horretarako iristeko segurtasun kontrolak definitu eta ezarriz, erabiltzaile-kodeak eta pasahitz pertsonalak eta konfidentzialak esleituta, pasahitzen iraungitze-politikak ezarrita eta irispiderako eskakizunak esleituta.
  20. Gorabeheren Erregistro bat ezartzea, non jasota geratuko den fitxategien segurtasunerako arrisku izan daitekeen edozein gorabehera, gerora gerta daitezkeen eta datuen segurtasuna kili-kolo jar dezaketen erasoei aurrea hartu ahal izateko.
  21. Hirugarrenei egindako lagapena erregulatzea lagapen kontratu formalizatuen bidez, non trataturiko informazioaren konfidentzialtasuna eta zainketa erabat bermatuko diren.

KONPROMISOAK

  1. Tramitazioan dauden izaera pertsonaleko datuen babes espedienteekin zerikusia duten interesatuek idazkiz formulaturiko galdera guztiei gehien ere bost laneguneko epe barruan erantzutea.
  2. Gehien ere 10 eguneko epe barruan ebaztea irispiderako eskubidea erabiltzeko eskaerak.
  3. Gehien ere 30 eguneko epe barruan ebaztea zuzentzeko, deuseztatzeko edo aurka jartzeko eskubideak erabiltzeko eskaerak.
  4. Baditugu datuotara iristeko eta eurok zuzentzeko, deuseztatzeko edo aurka jartzeko eskubideak erabiltzeko dokumentu normalizatuak, eta interesatuek eskuragarri dituzte Udaleko Informazio eta Erregistroko bulegoan eta interneten, udalaren web orrialdean (www.abadiano.org).

 GURE KONPROMISOAK

Interesatu guztiak egokiro eta bakoitzaren neurrira artatzea da gure konpromisoa:

  • Tratu txeratsu eta errespetuzkoa ematea.
  • Eskaturiko informazioa idazkiz luzatzea, kalitatez, zehatz eta zabal erantzunda.
  • Kontsultei gaztelaniaz zein euskaraz, interesatuak nahi duen legez, erantzutea.
  • Interesatuak emandako datuekiko konfidentzialtasuna zaintzea.

Helarazten zaizkigun kexa eta iradokizunen %90ari 20 eguneko epe barruan idazkiz erantzuteko konpromisoa hartzen dugu. 

Eskaera guztiak bakoitzari aplikatu ahal zaion prozeduraren arabera osoro tramitatzeko konpromisoa hartzen dugu. 

Irispiderako eskubide baten aurrean, jakinarazpen bat igorriko da eskatzaileari Abadiñoko Udalak kudeaturiko bere informazio pertsonalaren berri emanez.

Zuzentzeko eskubide baten aurrean, aldatu beharreko informazioa zein den esateko eskatuko da eta informazio hori Abadiñoko Udalak kudeaturiko informazio pertsonalaren osagai izatera pasako da.

Aurka jartzeko eskubide baten aurrean, interesatua zein tratamenduren aurka dagoen esateko eskatuko da eta eskaera hori gauzatzera joko da, eta gero egin denaren informazioa emango da.

Deuseztatzeko eskubide baten aurrean, jakinarazpen bat igorriko zaio eskatzaileari, une horretara arte Abadiñoko Udalak kudeatu eta zainduriko informazioaren deuseztapenaren berri emanez, beti ere legeak informazio hori deuseztatzen lagatzen digunean.

Eskubideen babesa

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzkoaren 18. artikuluan xedaturikoaren arabera, bere datuetara iristeko eta eurak zuzentzeko, deuseztatzeko edo aurka jartzeko eskubidearen erabilera ez zaiola behar bezala erraztu edo aintzat hartu uste duen nornahik dagokion erreklamazioa jar dezake Datuen Babeserako Euskal Agentziaren aurrean, bere eskubideen babeserako prozedura bat has dezan.

Horretarako, beharrezko da eskaera egin zenetik, berariazko erantzunik jaso gabe, hilabeteko epea iragan izana, baldin datuetara iristeko eskubidea erabili nahi bada, edo 10 egun naturalekoa, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko edo aurka jartzeko eskubideak erabili nahi izanez gero.

Erreklamazioa Datuen Babeserako Euskal Agentziara bidaliko da (posta helbidea: Tomás de Zumárraga, Dohatsua 71-3. solairua. 01008 Gasteiz. Teléfonoa: 945016230. Faxa: 945016231. Posta elektronikoa: avpd@avpd.es Web orrialdea: www.avpd.es), honako dokumentu hauetako baten bat aurkeztuz:

  • Bere eskubidea aintzat hartzeari Abadiñoko Udalak emandako ezezkoa.
  • Abadiñoko Udalari berak egindako eskaera, Sarrerako Erregistroak zigilatua.
  • Eskaera posta bulegora posta ziurtatuz bidali izanaren frogagiriaren kopia, eskaera posta ziurtatuz bidali bada.
  • Sinadura elektronikoz egindako eskaeraren frogagiriaren kopia inprimatua.

LEGEAK

  • 95/46/CE Zuzentaraua, 1995eko urriaren 24koa, pertsona fisikoen babesari buruzkoa datu pertsonalen tratamenduari eta datuon zirkulazio libreari dagokienez.
  • Espainiako Konstituzioa. 18. artikulua. 
  • 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzkoa. 
  • 308/2005 Dekretua, urriaren 18koa, otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Titularitate Publikoko Datu Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sorrerari buruzkoa, garatzen duena. 
  • 994/1999 Errege Dekretua, ekainaren 11koa, zeinaren bidez izaera pertsonaleko datuak dauzkaten fitxategi automatizatuen Segurtasun Neurrien Araudia onesten den. 
  • 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Titularitate Publikoa duten Izaera Pertsonaleko Datu Fitxategiei eta Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Sortzeari buruzkoa. 
  • 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Lekuko Erregimen Oinarriak arautzen duena, apirilaren 21eko 11/1999 Legeak aldatua.
  • 34/2002 Legea, uztailaren 11koa, informazioaren gizarteko eta merkataritza elektronikoko zerbitzuei buruzkoa. 
  • 32/2003 Legea, azaroaren 3koa: Telekomunikazioetako Lege Orokorra.
  • 2005eko Uztailaren 21eko Ebazpena, Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Zuzendariarena, zeinaren bidez eratzen diren Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Erregistroan fitxategiak sortu, aldatu edo kentzeko eskaerak egiteko eredu normalizatuak eta bitartekoak. 
  • 1332/1994 Errege Dekretua, ekainaren 20koa, zeinaren bidez urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoaren izaera pertsonaleko datuen tratamendu automatizatua arautzen duenaren– zenbait alde garatzen diren.
  • 2005eko azaroaren 28ko Ebazpena, Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Zuzendariarena, zeinaren bidez Datuen Babeserako Euskal Agentziaren egitura organikoa garatzen den. 
  • 309/2005 Dekretua, urriaren 18koa, Datuen Babeserako Euskal Agentziaren Estatutua onesten duena.
  • 11/2007 Legea, ekainaren 22koa, herritarren Zerbitzu Publikoetarako irispide elektronikoari buruzkoa.


Azken aldaketa: 2009/10/27



(Igo Orri Hasierara)





(Web Mapa)


(Sarbide azkarrak)

(Igo Orri Hasierara)


Abadiño Elizateko Udala
Tel. 946215530 · San Trokaz Plaza, 1 · 48220 ABADIÑO (Bizkaia) ·

Web diseinua: www.zorraquino.com