(Joan edukira)


(Menu Nagusia)



Inico: Info Abadiño: Noticias y Notas de Prensa: Noticias y Notas de Prensa

2010/03/01

Euskararen Erabilera Sustatzeko I. Plana aurkeztuko die herritarrei martxoaren 5ean

Ekitaldi horretan, aurten 34 egintza zehatz egingo dituen proiektua aurkeztuko da

Abadiñon Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra herritarrei aurkeztuko zaie martxoaren 5ean, Errotako kultura-etxean. Ekitaldia jendeari zabalik egongo da, eta, bertan, Abadiñon euskararen erabilera normalizatzeko 2010. urtean egingo diren 34 jarduera zehatz azalduko dira.

Abadiñoko udal-ordezkariak eta herriko talde eta elkarte asko izango dira, eta, horrez gain, Euskararen Aholku Batzordeko kideak ere egongo dira, horiek Udalarekin batera aritu baitira lanean plan hau prestatzeko. Euskara Arloko zinegotzia den Argi Abadek hauxe azaldu du: “Ezaugarri hauetako proiektu batek hasiera-hasieratik izan behar du gizarte-izaera. Gizartea da euskararen erabilera sustatzeko ilusioa izan behar duena, eta, ahal duen neurrian, ahaleginak egin behar ditu gure hizkuntza gero eta nabarmenago ager dadin kaleetan”. Ekitaldiko giroa alaitzeko, antzerki-talde batek parodia bat antzeztuko du.

Abadiñoko Udalbatzak 2009ko abenduaren 16an onetsi zuen Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Orokorra. Planak 2010. urtean egingo diren 34 neurri zehatz ditu jasota. Ekintza horien helburua da gizarteko hainbat esparrutan euskararen erabilera sustatzea. Zehazki, txostenean zenbait ekimen bildu dira euskara hezkuntzaren esparruan, lan-arloan, aisialdian, kirolean, kulturan, komunikabideetan, teknologia berrietan, euskalduntze-prozesuan, familia-transmisioan eta administrazioan bertan sustatzeko.

Ekitaldian, ekimen horietako batzuk emango dira aditzera, esate baterako, “Berbalagun” proiekturako taldeak udalerrian sortzea, euskarari lotutako ohituren familia-transmisioa bultzatzea, jendaurreko kirol-jardueretan euskararen garapena bultzatzea, eta abar. Zinegotziak hauxe adierazi du: “Ilusio handia dugu, eta neurri hauek Abadiñoko hizkuntza-egoera aldatuko dutela uste dugu. Gure udalerrian, jende gehienak, %75 biztanle inguruk, badaki euskaraz. Hala ere, arrazoi bat dela edo bestea dela, askoz ere gutxiago dira eguneroko bizitzan euskara erabiltzen dutenak”.

Hau da Abadiñoko Udalak prestatu duen tankera honetako lehenengo plana. Hizkuntza-normalizazioa sustatzeko jarduerak prestatzeko, udalerriak dituen beharrizan bereziak hartu dira aintzat, eta beharrizan horiek Abadiñoko euskararen egoerari buruzko diagnostikoa egin ondoren jaso dira. Aholku Batzordea organo aholku-emailea da, eta eraginkortasunez parte hartu du plan hau prestatzeko lanetan. Batzorde horretan, Abadiñoko 17 herritarrek parte hartu dute; batzuk elkarteetako eta ikastetxeetako ordezkariak dira, eta beste batzuk partikularrak. Abadek hauxe nabarmendu du: “Pertsona horien lankidetza ezinbestekoa izan da plan hau prestatzeko, eta, beraz, eskerrak ematen dizkiegu”.




Última Modificación: 2010-03-04





(Igo Orri Hasierara)





(Web Mapa)


(Sarbide azkarrak)

(Igo Orri Hasierara)


Abadiño Elizateko Udala
Tel. 946215530 · San Trokaz Plaza, 1 · 48220 ABADIÑO (Bizkaia) ·

Web diseinua: www.zorraquino.com